Kaixo!

Gaur BerrAktibatu+ programak (BA+) kamiseta zuri bati egingo dio elkarrizketa (K). Bidezko merkataritzako denda batean geratu gara berarekin. Bai, ondo irakurri duzu. Ia denok daukagu kamiseta zuriren bat armairuan, eta bere kezkak eta esperientziak ezagutu nahi izan ditugu.

  • BA+: Egun on, kamiseta; pozten gara zurekin apur bat hitz egin ahal izateaz. Zer moduz zaude?
  • K: Egun on, BerrAktibatu+, ondo nago. Ia egunero erabiltzen naute, orain hotz egiten duenez… eta ondo zaintzen naute, urte asko irauteko. Kariñoa hartu didate, antza.
  • BA+: Urte asko iraun dezazula nahi dutela diozu. Badakizu nola egin zintuzten zu? Zein esperientzia eduki dute zure kideek?
  • K: Egia esan, zorte ona izan dut nik. Kotoi organikoz egina nago, batez ere. Hori oso garrantzitsua da, izan ere, nire ekoizpen prozesuan ur gutxiago erabili eta kutsatu da, negutegi-efektuko gas gutxiago isuri dira, ez da substantzia kimiko sintetikorik erabili: ez pestizidarik, ez fertilizatzailerik… Nire kide batzuk kotoiz eginak daude, baina material sintetikoekin nahastuta, hala nola poliester birziklatuarekin. Hondakinen prozesatzean oso zaila da osagaiak bereiztea eta deskonposatzea; gainera, ekoizpena ez da hain ekologikoa izaten. Nekagarria da. Gainera, fabrikan gu egiten lan egiten duten pertsonek lan-baldintza onargarriak dituzte.
  • BA+: Orduan, konposizioa oso garrantzitsua da. Eta kalitatea ere bai, noski.
  • K: Noski. Imajinatu hau: kamiseta bat behar dugunean, konposizio eta kalitate ona daukan bat erosi beharrean, denboraldiko 5 kamiseta erosten ditugu eta urtea amaitzean zaborretara botatzen ditugu, dagoeneko hondatuta daudelako edo modaz pasa direlako. Pertsona asko zarete munduan, eta sortzen diren arropa hondakinak gehiegizkoak dira; birziklatze sistemak ezin du lan hori guztia bere gain hartu. Funtsezkoa da erosi aurretik ondo pentsatzea. Nire kide batzuek, zoritxarrez, ez dute denboraldi oso bat ere irauten.
  • BA+: Orduan, nola jakin dezakegu zein kamiseta den iraunkorrena?
  • K: Organismo egiaztatuak bilatuz, hala nola OCS (Eduki Organikoaren Estandarra) eta GOTS (Arropa Organikoaren Estandar Globala). Horrela, ziurtatuko dugu erosten dugun kotoiak onartutako estandarrak bete dituela produkzio eta banaketa lanetan. Fairtrade fundazioaren ikurrak, gainera, adierazten du langileei soldata duin bat ordaindu zaiela. Zenbaki batzuk emango dizkizuet: “Kasu batzuetan, arropa baten kostuaren % 1 eta % 2ren artean soilik heltzen da egin duen langilearen eskuetara. Horrek esan nahi du, esaterako, 8 euroko kamiseta baten kasuan, langileak 16 zentimo baino ez dituela jasotzen”.
  • BA+: Badakit honetaz hitz egitea ez dela atsegina izango, baina uneren batean, kalitaterik oneneko kamisetak ere hondatu egiten dira, eta bota egin behar dira.
  • K: Bai, noski. Gertatzen dena da eguneroko bizimodurako erabilgarriak diren beste produktu batzuk ere izan gaitezkeela: Sukaldeko zapia, makillajea kentzeko zapitxoak, eta abar. Bizitza luzatzea da kontua, birziklatze-prozesua ahalik eta beranduen hasteko. Birziklatzeko ere energia, ura eta abar behar dira, beraz, zenbat eta hondakin gutxiago sortu, orduan eta txikiagoa izango da horiek kudeatzeko lana.
  • BA+: Hondakinik onena, sortzen ez dena; ezta?
  • K: Hori da. Denbora laburrerako soilik diren gauzak erosten ez baditugu, hondakinen produkzioa murriztuko dugu, eta, gainera, hondakin horiek birziklatzeko errazak badira, kontsumo arduratsua egiten ariko gara. Fast Fashion izenekoa saihestu eta slow mugimendua hautatu behar dugu, kontsumitzaile gisa. Baina, horretarako, pertsona guztiak ahaldundu behar ditugu (kontsumitzaileak, diseinatzaileak, langileak, markak, eta abar). Modaren eraginaz galdetzeko, hausnartzeko eta kontziente izateko. Zer arropa mota da erosten ari direna? Nork egin du? Non? Zein materialekin? Zein lan-baldintzatan? Herrialde guztietako pertsona guztien duintasuna eta giza eskubideak bermatzeko, ingurumena zainduz, erosketa arduratsuaren irizpideei jarraituz.
  • BA+: Zer pentsatua eman diguzu, kamiseta. Mila esker gurekin hitz egiteagatik.
  • K: Zuei, eskerrik asko aukera emateagatik. Edonola ere, guri gertatzen zaiguna beste produktu batzuen kasuan ere gertatzen da. Horren inguruan gehiago jakiteko, hau irakurtzen ari diren pertsona guztiak animatu nahi ditut BerrAktibatu+ programan parte hartzera: Ohiturak hobetzeko eta iraunkorrago izateko aukera bikaina da.