Kaixo!
Duela urtebete, bizitza, ordura arte ulertzen genuen moduan, aldatu egin zen, eta ziurgabetasun sasoi bat hasi genuen. Gure egunerokoa etenda geratu zen. Gure ohiturak halabeharrez aldatu behar izan genituen, biziraupen-senak gidatuta. Aldaketa handiak izan dira, eta gure bizimoduaren inguruan hausnarketak egin behar izan ditugu, egokitu ahal izateko.
Horrek argi utzi digu aldaketa posible dela, baina ematen du emergentzia egoeretan bakarrik dela posible, hau da, beste erremediorik ez dagoenean. 2020ko martxoa eta maiatza bitartean isuritako negutegi-efektuko gasen datuak ikustea baino ez dago: drastikoki murriztu ziren. Ondorioa: gure burua amildegiaren ertzean ikusita… erreakzionatu egiten dugu.
Hilabeteotan asko hitz egin da egoera konplexu honetatik ikas dezakegunaz. BerrAktibatu+ programaren izenean, emergentzia egoera dekretatu zenetik eta herritar guztiok etxean geratu ginenetik ia urtebetera, ikaskuntza positiboak barneratzeko hausnarketa egitea proposatu nahi dizuegu. Asko aplika daitezke iraunkortasun arloan:
- Gauza ez materialak materialen gainetik baloratzea. Konfinamendua, murrizketak eta distantzia soziala bizi izan ditugun hilabete hauetan, besarkaden falta somatu dugu, beste edozerena baino gehiago. Jende askoren falta somatzen dugu. Horrek esan nahi du gauza materialek ez dutela beti zoriontasuna ematen, baina gure lagun eta senideak hurbil izateak bai, horrek zoriontsu egiten gaitu.
- Beste alternatiba batzuk bilatzeko gaitasuna. Hilabeteotan modu berriak bilatu behar izan ditugu, batzuetan iraunkorragoak, kafe soil bat hartzeko. Ostalariek ateak itxi behar izan dituzte, eta eramateko produktuak soilik kontsumitu ahal izan dira. Horrekin batera, hausnarketa egiteko aukera ireki da: gero eta ohikoagoa da ikustea jendea bere termoan kafea hartzen, edo elikagaiak eramateko ontzi konpostagarriak erabiltzen…
- Buru-azkartasuna. Egoera honen ondorioz, orain arte beharrezkoak ez ziren produktuak erabiltzen hasi gara, esaterako, musukoa. Beharrizan berri horrek enpresa eta denda txiki askoren sormena eta bizkortasuna eragin ditu, eta alternatiba iraunkorrak eskaini dituzte, erabilera bakarreko musukoen ordez. Kasu askotan, ideia solidarioak finantzatzeko modu bihurtu dira.
- Gertuko dendak baloratzea. Etxeko eta herriko itxialdien ondorioz, herrian bertan kontsumitzearen garrantziaz ohartu gara, eta gertuko dendak are gehiago baloratzen ikasi dugu. Gure auzoko komertzioek erakutsi dute une zailenetan ere hor egongo direla, prest, eta haiek izan dira aldaketa gogor hauetan erresilientzia handiena erakutsi dutenak.
- Klase sozialik eta mugarik eza. Mota honetako osasun-emergentzietan mugek eta klase sozialek ez dute garrantzirik. Gaixotasun honek ez du bereizten, eta denoi eragiten digu, nahiz eta, zoritxarrez, ondorioak ezberdinak izan. Betiko moduan, babesgabeenak dira gehien sufritzen ari direnak. Horregatik, hain zuzen ere, egon behar dugu bat eginik, eta interes indibidualak alde batera utzi.
- Jatorrira itzultzea. Konfinamenduan gutako askoren gozogintza-trebetasunak azaleratu ziren. Gizarteak abiadura betean garamatzan arren, munduak gelditzera behartzen gaituenean, argiago ikusten dugu etxean egindako gauzen balioa. Horretan jar dezakegu maitasun handiena.
- Elkartasuna. Familia babesgabeenei erosketak eta bestelakoak etxera eramaten zizkieten pertsonen sareak ia bat-batean sortu ziren. Batzuetan ahaztu egiten dugu, baina elkarri laguntzea gizakion berezko ezaugarria da.
Askok esan zuten egoera gogor honek pertsona moduan hobetu egingo gintuela. Ikusiko dugu, epe luzera, ea benetan hala izan zen.
Eta zuk, zer ikasi duzu pandemia honetan? Baloratzen dituzu lehen baloratzen ez zenituen gauzak? Konta iezaguzu.
Eutsi goiari, gero eta gutxiago falta da.
Leave A Comment