Kaixo!
Zer moduz? Ikasturtea bukatzera doa. Uda ate joka dugu, denon atseginerako. San Juan gaua ere laster izango dugu, sua protagonista duen gau magikoa. Sua garbitzailea da, eta hori garrantzitsua da gau horretan, behar ez dugun guzti hori erretzeko ohitura baitugu. Su handiak piztu ohi dira, eta, gainera, tradizioaren arabera, gainetik salto egiten duena urte osorako babestuta egongo da.
Beraz, behar ez duguna kanporatzeko aprobetxa dezakegu: Gure inguruan eragin negatiboa duten jokabide, uste eta ohitura zaharrak, esaterako. Honakoak dira arruntenetako batzuk:
- Elektrotresnak itzaliz, energia aurreztuko dut. EZ. Telebistak, ordenagailuak, hozkailuak edota aire egokituak energia kontsumitzen jarraitzen dute, itzalita ere. Behar ez den kontsumorik ez egoteko, desentxufatu egin behar dira.
- Hondakinak dagokion edukiontzian uzten ditudan unean bukatzen da nire ardura. EZ. Hondakinen kudeaketa sistemak arazo handiak ditu gaur egun sortzen dugun hondakin piloa ondo kudeatzeko. Hondakin kopurua murriztea ere bada gure ardura, arazo hori arintzeko.
- Produktu ekologikoak eta jatorri begetalekoak kontsumitzea beti da osasungarri eta iraunkorragoa. EZ. Jatorri begetal eta ekologikoko produktu asko ultraprozesatuak dira, urrutitik datoz, edota bilgarri gehiegi dituzte. Produktu horiek ingurumen-arrasto handia uzten dute, eta ez dute zertan osasungarriago izan behar.
- Platerak eskuz garbitzea plater-garbigailuan sartzea baino hobea da. EZ. Modu tradizionalean garbituta, minutuko 7-12 litro gastatzen dira, eta ur beroa erabiliz gero, plater-garbigailuarekin baino elektrizitate gehiago kontsumitzen da. Beraz, ahal duzunean, hautatu plater-garbigailua.
Ziur zuk beste uste oker asko ezagutzen dituzula. Kontatuko dizkiguzu? Argitalpen hau komentatuz egin dezakezu.
Gehiago ikasi nahi duzu? Garaiz zabiltza BerrAktibatu+ programan parte hartzeko, mundu iraunkorragoa egiten laguntzeko. Eman izena webgunearen bidez, zure posta kodearekin edo zure ikastetxe, unibertsitate edo erakundeak eman dizun kodearekin. Animatu eta BerrAktibatu+! Gainera, hainbat sari lor ditzakezu, zozketen bidez. Lortu informazioa hemen.
Leave A Comment