Kaixo!
2021ean gaude. Urte berria. Aldaketak hausnarketarako aukera izaten dira. Zer espero dezakegu hasi berri den 2021 honetan? Pertsona batzuk helburu-zerrendak egitera ere ausartzen dira. BerrAktibatu+ proiektuaren izenean, zera proposatu nahi dizugu: 2021ean bete nahi dituzun plan horiekin batera, hartu ohitura iraunkor batzuk ere. Nola? Planteatu zure bizimodua 7 irizpide hauen arabera:
- Hausnartu: Kontsumitzaile ekologikoak kritikoak dira, hausnartu egiten dute. Pentsatu zure eguneroko erabakien ondorioetan. Ez duzu zertan aldaketa handirik egin. Esaterako, beti autoz ibili beharrean, batzuetan garraio publikoa erabiliz gero, gas kutsakor gutxiago sortuko dituzu; kalitate handiagoko produktuak erosiz gero, bizitza erabilgarri luzeagoa izango dute eta hondakin gutxiago sortuko dituzu, eta abar. Gure eguneroko ekintzek ingurumenean izan ditzaketen ondorioetan pentsatzea da, ez besterik. 7.500 milioi pertsona gara planetan: Ekintza txiki bakoitza garrantzitsua da.
- Baztertu: Ingurumena bereziki kaltetzen duten produktu edo zerbitzuak baztertu. Beti daude aukera iraunkorragoak: Osagai toxikoak dituzten, plastiko gehiegi dakarten edota ekologikoak ez diren produktuak saihestuz, kontsumo arduratsuagoa egingo duzu eta ingurumena zaintzen lagunduko duzu. Esaterako, gimnasiora zoazen bakoitzean ur botila bat erosi beharrean, botila berrerabilgarri bat eraman dezakezu, etxetik beteta. Botiletan gastatzen zenuen diru hori gorde, eta erosi berrerabiltzeko botila on bat. Aldea handia da!
- Murriztu: Ondasun eta zerbitzuen kontsumoa murriztuz, ingurumena zaintzen duzu. Benetan beharrezkoa al da urtero hainbeste arropa berri erostea? Ezinbestekoa da telefono mugikorra hain sarri aldatzea? Benetan al dakigu nola eragiten duen gure kontsumo neurrigabeak gure ingurumenean? Beharrizanen arabera erosi, saiatu iraunkortasun irizpideak jarraitzen, eta pentsatu bi aldiz gauzak erosi aurretik.
- Berrerabili: Zenbatetan entzun diegu gure aitite edo amamari esaten eskuoihalak zapi bihurtu daitezkeela, zaharrak direnean? Eta herentzian jasotako altzariak, esaterako? Produktu askoren bizitza erabilgarria luzatu egin daiteke. Bigarren eskuko merkatua oso aukera interesgarria da. Hondakinen arazoa ez da amaitzen edukiontzian uzten ditugunean. Oraindik ere bide luzea daukate, eta, kasu askotan, ezin da zirkulua itxi eta produktua lehengai gisa berriz erabili.
- Birziklatu: Materialak ondo sailkatuta, berriz ere produkzio-katean sartzeko aukera daukagu. Horrela, ekonomia lineal batetik (hasi eta bukatu), ekonomia zirkular batera pasako gara (hasi eta berriro hasi). Aurretik azaldu dugun moduan, hondakin baten bizitza ez da amaitzen edukiontzian uzten dugunean, ezta gutxiagorik ere, baina egia da ondo sailkatzeak asko errazten duela osteko birziklatze-prozesua.
- Berriro banatu: Planetak ezin du kontrolik gabeko garapen hau jasan, beraz, kontsumoa modu ordenatu eta orekatuagoan banatu behar da. Arrasto ekologiko txikiagoa duten produktuek edo bidezko merkataritzaren printzipioetan oinarrituta daudenek desberdintasun horiek arintzen laguntzen dute. Baloratu al duzu inoiz zein den gure smartphoneen ingurumen- eta gizarte-kostua? Pentsatu.
- Erreklamatu: Subjektu pasibo izatetik subjektu aktibo izatera pasa gaitezke, aldaketak erreklamatuz. Hori funtsezkoa da. Erabili horretarako dituzun baliabideak. Izan kritikoa eta eskatu pertsonak eta ingurua errespetatzen dituen sistema bat. Zure aukerak eta jarrera dira metodorik eraginkorrenak.
Zazpi irizpide hauek abiapuntu ona izan daitezke gure eguneroko ohiturak berriz planteatzeko. Oraindik egin ez baduzu, informazio gehiago eskuratuko dezakezu BerrAktibatu+ programan parte hartuz. Webgune honetan daukazu informazio osoa.
Leave A Comment